Historiaren bigarren zatia

Bidaiaren amaiera

Shevelek Einarrek zuen ezinegona nabari zuen, baina dena bukatua zen, eginbeharrekoa eginda. Obsidianaz egindako gotorleku beltz hartan sartu zirenean denboraren nozioa galdu zuen aztiak. Zenbat aurkari erail zituzten jada? Zer nolako izugarrikeriei aurre egin zieten? Minotauroak, hainbat deabru mota, eta antzinako grimorioetan bakarrik ikusitako izakiak izan zituzten bide-etsai azken ordu? edo egunotan? Gotorlekua behetik gora iragan zuten, honen barrunbeak ezagutu arte, baina ibilbidea gero eta nekezagoa izan zen. Tranpak saihestu beharrak ibilera moteldu, eta taldea unatzen zuen minutuak pasa ahala. Baina Demoniyuak jada alde egin zuen mundu honetatik. Erdi-jainkoak bere ezpatagaz Raazbalen burua moztu zuenean lasaitasun izpi batek bere gorputza zeharkatu zuen, mendekuaren zapore gazi-gozoa ote? Einarren ezpataren gosea asetuko al zen? Il-Belen heriotzak merezi al zuen? Raazbalen gorpua belztuz zihoan, baina Shevelen gogoetak berriz bere lagun minaren oroitzapenen bila. Bitartean Errupin eta Darko haien gezi eta saietan hilotzen gorputzetatik jasotzen zebiltzan, leihotik begirada txiki bat bota ezkero nabaria zen beharko zituztela eta. Egundoko armada zegoen dorrearen azpian, haien aurka egiteko aukerarik ez zuen taldeak baina hobe zen armak soinean izatea, barik egotea baino. Darkok azpimunduari zioen gorrotoa ez zen baretu, baina lasaitasun puntu bat erakusten zuen haren aurpegiak. Errupinek berriz, eskarmentuaren eraginez apika, begi eta belarriak erne zituen geziak jasotzen zituen bitartean.

Shevel ahituta zegoen, borrokaren tentsioa pasa ahala tripako-mina sentitzen hasia zen. Hainbeste mana pozioi edatearen eraginez izango zela pentsatu zuen. Metaponterengana hurbildu zen poliki-poliki, baina jada bizitzak alde egin zuen haren gorputzetik, ez zegon ez sendabelar ez aztikeriarik haren gorpua berpiztuko zuenik. Einarren garrasia entzun zuen, eta Raazbalen burua leihotik behera bota zuela konturatu zen, denak hari begira geratu ziren, erdi-jainkoa odol eta zauriz josita zegoen, eta bere gorputzeko muskulu guztiak atezatuak zituen. Isiltasun handi baten ondoren buruak lurraren kontra jotzean egindako “plop”-aren oihartzuna entzun zuten. Armadak jasandako kolpea segituan nabaritu zuten, aihenak, izua eta hainbat eta hainbat oinen zalaparta dorrearen puntaraino iritsi zen. Denak leihora hurbildu ziren ikuskizuna ikustera. Inurriak ziruditen, baina orden bat jarraitzen ez zuten inurriak, dorre inguruko mendi eta lautadetan sakabanatzen hasitakoak.

Lau heroiak begietara begiratu, eta hitzik esan gabe jakin zuten zer egin. Altxorraren azken zatia hartu, eta eskaileretan behera abiatu ziren, hitzik esan gabe. Shevelek ez zuen haize aztikeriak emango zien abiadura erabiliko behin gotorlekutik kanpo egon ziren arte, ez zuen bertan gordeta egon zitezkeen izakiak esnatu eta.

Dorretik pare bat kilometro urrutiratu ziren arte ez ziren ausartu berriro hitz egiten. Handik aurrera pittinka-pittinka humorea berreskuratzen joan ziren, eta handik pare bat egunetara Shevelek bazuen beste katu bat bere atzetik. Egin beharreko guztia eginda zuten, orain Avatarin bisitatu eta bizitza berri bat hasteko aukera zuten. Il-Belekin zuten zorra kitatua zuten, baina haien barruan oraindik mendeku sua ez zen guztiz itzali. Xarry eta Sagarrondotarrak faltan zituzten, eta haiek aurkitu eta afari bat egitea erabaki zuten denek aho betez. Asko zuten elkarrekin hitz egiteko. Aspaldiko partez, sardinak erretzeko gogoa izan zuen aztiak....

Pompilio de Metaponte 🪓

Metaponteko tabernak jendez gainezka zeuden, herriko jaiak ziren eta enano gazte eta ez hain gazteak balantzaka zebiltzan kantari garagardo zipristin artean. Bapatean, portu zaharreko musika gelditu egin zen eta isiltasunak portua estali aurretik musika gelditzearen zergatia agerian geratu zen. Burruka bat piztua zen taberna baten sarreran eta apurka-apurka gero eta enano gehiago ari ziren parte hartzen. Zaindariek ez zekiten zer egin, guztiz gailenduak zeuden egoeraren aurrean eta burrukan sartzen ez zirenak isilean herrirantz urruntzen hasi ziren. Bapatean kanoikada bat entzun zen taberna barruan eta bospasei herritar airean atera ziren eztandarekin batera... giroa gero eta zitalagoa zen.

Bapatean isiltasuna egin zen, enano zahar bat agertu zen kale nagusian eta makulu handi batez kolpatu zuen lurra. – Zer demontre da hau! Festa giroa nahi ez duenak alde egin dezala herritik, hori bai, utz ditzala ukabilak herrian, ez dut horrelako istilu lotsagarririk onartuko egun hontan! Enaiz ni hildakoen artetik itzuli horrelako alproja artaburuak jasateko!!!

Herriko bost emakume zaharrenen eta bost gazteenen laguntza eskatu zuen eta herriko etxean itxi ziren hamaikak... hamaika egun eman zituzten bertan, noizbehinka señorak basora atera eta belar eta onddo arraroekin bueltatzen zirelarik... hamaikagarren eguna joan zenean etxeko atea ireki eta hamabi irten ziren, hamar emakumeak, Errupin eta Pompilio bizirik... ordutik hamaika egun horiek ospatzen ditugu urtero eta Pompilio gure herriko jauna izan da 200 urtetan zehar... Zer demontre irakasten dizuete ba eskolan!!! Hau marka!!!

Il-Belen heriotza? 🐺

Arlantasen garraxia entzun zuenean adi jarri zen. Bere gihar guztiak tentsioan, eta lantza gogor hartu zuen. Orkoen gotorlekura iristeko ahalegin handia egin zuen, eta nekatua egon arren, orain basati horiek geldiarazteko bere txanda zen. 👺Demoniyuaren eraztunari so egin zion, eta berezkoa ez zuen dir-dir bat nabaritu zuen. Hala ere ez zuen horretan asko hausnartzeko denborarik izan, orko beltzak bere gain zetozen eta sekulako aizkora handiekin. Lehenengo kolpeak erraz gelditu zituen, baina ez zen gai haien burdin jantzi gogorra zeharkatzeko. Dantzan jarraitu zuen, Errupin eta Einarri denbora emanaz, irtenbidea eta aire frexkoa gertu nabari baitzuen. Errupinek arkua behin eta berriz kargatu eta tiro egiten zuela ikusi zuen, baina bere zentzumen guztiak orko beltzaren aizkoran zituen jarririk. Halako batean eraztunak bere hatzetik ihes egin zion, eta barre algara bat entzun zuen. Orduan jakin zuen bereak egingo zuela... 👺Demoniyuak emandako babesaren ordaina jasotzeko ordua zen. Il-Belek zuen azken magia apurrarerekin bere arima inguruan zituen animali eta landareetara lekualdatu zuen, orkoaren aizkorak bere gorputz mehe kolpatzen zuen momentuan. Ur zikinetako onddo eta karramarro haien laguntzaz aterako beharko zuen handik... ez gorputzean baina bai hainbat maite izan zituen animali eta landareen enbor, sustrai eta oskoletan. Mendekua prestatzeko bazekien nor bilatu. Nola Shevelekin harremanetan jarri, beste kontu bat zen....

Tenplotik ihesi

Arnasestuka atera zen Errupin templutik, gaua argia zen, ilargi betea han-hemenka, ordena handirik gabe zerutik zintzilik zeuden lainoska ahulen atzetik ageri zen. Einarren zain eman zuen denbora luze egin zitzaion. Muinoaren goikaldetik Elfoak bista ederrak zeuzkan, kontinentez inguratutako irla zen hura, iparralderutz itsasoa zabaltzen zelarik. Zerbait mugitu zen urrunean, itsaso zabalean, “ontzi bat sutan?” galdegin zion Errupinek bere buruari.

Einarren zalapartak eten zizkion burutazioak. – Hemendik Einar, bide motzenetik itzuliko gaituk, orko batzuk ikusi ditut bestaldean – bota zion Errupinek – Robert eta Gennaro han geratu dituk, eztuk? Aurrera egitea izan zen Einarren erantzuna. Kostara irtsi eta euren barkua behar bezala lotuta topatu zuten. Berehala ziren berriz uretan. Iaioak ziren biak itsasoan, azken hilabeteetako abenturek hara eta hona eraman zituzten biak eta zegoeneko ondo moldatzen ziren ur gainean. – Jatorra zen Gennaro hori ezta? – galdetu zion Einarrek. Harrituta utzi zuen Elfoa. Il-Bel hil zenetik ez zion hitz zuzenik egin, aldaketa hark poztu egin zuen elfoa. – Bai, familia xelebrea zeukan gainera. Sekulako istorioak kontatzen zitian tabernan. Alkoholak on egiten zion horietakoa huen. Zaila egingo zaiguk bere moduko beste bat topatzea, beti izango diagu gogoan. “Ez zaizu gehiegi kostako” pentsatu zuen Einarrek bere barrenean.

Lehenengo adore-gema Errupinen eskuetan. Xennaroren adioa

Korrika bizian hasi ziren Einar, Errupin, Gennaro eta Robert Virgil, Tenpluko irteera non zen bazekiten, baina golem erraldoia atzetik zuten segika. Tranpa zikin batzuk saihesten zituzen bitartean golemak Virgil harrapatu eta bertan txikitu zuen kolpe bakarrez. Egoera ikusita Gennarok lagunak salbatzea erabaki zuen. Il-Belek bere garaian bezala aurrera jarraitzeko esan zien Einar eta Errupini, mailu astuna bi eskuez heldu eta golema zizelkatzeko prestatu zen, ez zizkion Virgilek eskainitako erreztasunak emango, Lehen kolpea izugarria izan zen. Tenpluak berak dardar egin zuen eta golemaren burua atzerantz erori zen. Ez zen izaki arraunta baina golem hura. Kolpea hartu eta poliki poliki bere onera itzuli zen harkaitza. Bere txanda zen eta zaplasteko beldurgarri batez enanoa airean bota zuen. Bizarretik odola zeriola Gennarok irrifar maltzur bat bota zion golemari, bere lagunak korridorean barrena desagertuak ziren, bazekien bai Einar eta Errupinek ez zutela hutsik egingo. Mailua berriz buru gainean altxatu eta bularrean jo zuen munstroa. Harri koskorrak nonahi jausi ziren baina zutik mantendu zen golema. Gatussok barre egin eta heriotzari begietara so eginez: – Hau duk ba egun petrala. Arbaso maiteak, banoak zuekin.

Orkoen etxetik, adorearen gemaren bila

Orkoak menderatu eta Il-bel mendekatu ostean zakutxoa diruz gainezka zutela Menon-erantz abiatu ziren gure heroiak. Kontu kontari eta muturra bero zutela iritsi ziren hiriburura. Shevelek, baina, lur jota jarraitzen zuen hartz handi hura galdu zuenetik eta abenturazalak kezkaturik zeuzkan. Errupin puztuta zebilen tabernan eta dadoetan txanpon batzuk irabazi ondoren Einarri trago batzuk erosi eta Shevel animatzeko erosketak egitera konbentzitu zuen. Hala, Shevelen motxilla traste zahar, belar zikin eta topatu zuten guztiarekin bete eta deskantsatzeko aukeratua zuen lurmuturrera eraman zioten. – Begirazan zer ekarri dinagun, denetik daukan hemen! – bota zion Errupinek irrifar zabal batez. Einar, lotsaren lotsaz elfoaren atzean ezkutatu zen, ez zekien nola erantzungo zuen aztiak. – Honek ez ditu hilak bueltan ekarriko – hasi zen goibel Shevel, baina motxilla arakatu ahala alaitzen joan zitzaion ahotsa – oh, sendabelarrak, ez daude gaizki... eta hau? edabe hori bat, ez dut sekula probatu... – Trebezia edabea da, neuk prestatu dinat – moztu zion Errupinek. – Hara, agian baliagarria izango zaigu... zer gehiago? Mandragora, soka, intsektu bat ere, eta... oooh, gakordeak, nire gakorde maiteak – orduan bai argitu zitzaion aurpegia, malko bat ere antzeman zion Errupinek – apartak zarete, artaburuak baina apartak, dirutza gastatukok zenuten hontan... baina tira, ziur nago den-dena baliagarria izango zaigula. Bazirudien Shevel bere onera bueltatzen ari zela eta berriz ere berea zuen jakin-minak bultzatuta magoen dorrera joango zela esan zien Einar eta Errupini, aste pare bat eman nahi zituen han aztikeria berri bat ikasteko. Dimitri Neguhotzof azti famatua Menonen omen zen eta beragandik zerbait ikasteko akera ezinhobea zuen. – Shevel kemena berreskuratzen ari duk, baina Einar gero eta urduriago zebilek... atzo tabernan lau tipo jipoitu eta nire hitz jarioagatik ez balitz han bertan akabatuko zizkian. Zerbait egin behar diagu. – Abenturaren bat? – galdetu zion Gennarok. – Hori dek! Handia haiz txiki!!! Hemengo jefeak ez al zigun esan harri koskorren bat behar zuela ez dakit ze kristotarako? Ez dek ba aitzaki makala. HI EINARRR, dio, zer egin dik ba orko tripontzi horrek, uztak pakean, bazekiat nora jo behar diagun!!!

Menon-era iristeko Einarren etxetik gertu zuten merkatal-ontzia hartua zuten, eta konpondu ostean itxura bikaina zuen Doren-eko portu zaharrean. Brankan kobrezko herensuge bat jartzea ere enkargatua zuen Einarrek, itxura beldurgarriagoa ematen omen zion. Egunsenti hotz eta laiontsua zen Einar, Errupin, Gennaro eta Robert Virgil ontziratu zirenean, dagoeneko zailduak ziren itsasoan eta arazo handirik gabe iritsi ziren Burkaburrera. Irla urrun hartan ostenduta omen zegoen Errupinek nahi zuen “harri koskor” hura. Ontzia amarratu eta irlaren erdian laino artean ezkutatzen zen mendian gora hasi ziren. Orduak eman zituzten aldapa gora, eta azkenean tenplu zahar bat topatu zuten. Errupinen begi zorrotzak izkina guztiak miatu eta azkenean estatuatzar baten bularrean krokatuta topatu zuen harri bitxia. Pentsatua zutena baino errazagoa izan zen eta Errupinek Einarri so egin zion... urduri jarraitzen zuen erdijainkoak, ezpata garbi-garbi zuen eta ez zen hori Errupinek agindu ziona. Bapatean tenpluko lur, pareta eta sapaiak orru egin eta dardara batek ia lurrera bota zituen, paretan kateatutako golema berpiztua zen...